BITARTEKARITZA

Honela zioen Txepetxek:
Arima ez da sinesten duzun zerbait, sortzen duzun zerbait baizik. Sinistu bakarrik egiten baduzu, ez daukazu, ez duzu sortzen.
Sortu. Bizi. Bizi irauteko, sortu. Arnasteko, sortu. Ez ahazteko, sortu.
Antzerkia sortzerakoan gure memoria babesten dugu. Sufrimenduaren memoria, bizi pozaren memoria, akatsen memoria, gure erroen memoria babesten dugu. Izandakoa eta gertatuak oroituz, ikasten jarraitzeko.
Antzerkiak ere, zorionez babesa behar du. Ikusleak behar ditu bizirik jarraitzeko. Hori dela eta, bitartekaritza lanekin antzerkia bizi eta babestuko duten ikusleak sortu nahi ditugu. Kulturan bizi behar baikara, gure memoria babesten jarraituko badugu.
Atx Teatroan antzerkia eta ikuslearen arteko zubia eraikitzeko hautu irmoa egin dugu. Hezkuntzarako material pedagogikoak eta egitasmoak sortzen ditugu, herritarrengana hurbiltzeko lanketak egiten ari gara eta gure antzezlanak edozein herritara eramateko prestatzen ari gara,antzoki edo areto handien beharrik gabe. Antzerkia guztion esku jarri nahi dugu.

ESPERIENTZIAK

BALBEA EDO HIZKUNTZAREN HERIOTZA (Getxo, 2021)

Getxoko Udalak euskararen sustapenera bideratutako dirulaguntzen ondorioz, “Balbea edo hizkuntzaren heriotza” izenburua duen bitartekaritza proposamena lantzen ari gara datorren ureteko lehen hiruhilabetean Getxoko Aixerrota BHI eta San Nikolas ikastolan egitasmoa burutzeko.

ATX antzerki konpainiak kurtsoan zehar txertatu beharreko saio batzuk eskainiko ditu, gazteek inguruan duten errealitatearen inguruan hausnartu eta euren interesa zein gaitasunak pizteko. DBH 3. DBH 4. mailako ikasleekin antzerkigintza eta letragintza landuko dira, banakako zein taldeko ariketa praktikoekin, heriotzaren eta hizkuntzaren heriotzaren inguruko hausnarketa piztu eta gazteen arterako konpetentzian zuzeneko kanpo input modura eragiteko.
Zergatik erabili letragintza hizkuntza eta heriotzaz hausnartzeko? Abestiak gure errealitatearen isla direlako. Musika/letragintza gure kezka eta nahiak bideratzeko erabiltzen dugun tresna delako. Gainera, letragintzak komunikazioa du oinarri, elkar entzumena lantzen du eta gure pentsamenduak komunikatzen erakusten digu. Beraz, zer hobea gazteenei komunikazio tresnak eskaini eta beraien errealitatearen inguruko hausnarketa sustatzea baino?